
Iratxe Fresneda
Azken urteotan estatuan eta nazioartean oihartzun handia izan duten zuzendarien belaunaldi berri baten parte da. Espainiako zinema eta arte zinematografikoen akademiako kidea da, Ikus-entzunezkoetan doktorea eta Ikus-entzunezkoen Saileko irakaslea UPV/EHUn 2004 geroztik.
Irakasle bisitari izan da Nevadako Unibertsitatean (Reno, AEB), Lund-eko Unibertsitateko Zinemagintza Sailean (Suedia), Toulouse II – Le Mirail Unibertsitatean (Frantzia) eta New York-eko CUNY-n.
Bere zinema, “ahaztutako artxiboak” oinarritzat hartuta, errealaren istorioen erregistroan oinarritzen da, ikuspuntu pertsonal batetik. Irrintziaren Oihartzunak (2016) lehen film luzea, Donostiako 64. Zinemaldian estreinatua, ‘Erregistroaren trilogia’ hasi zuen, Lurralde Hotzak-ek (2018) jaraitua eta, aurten, Tetuan-ekin (2022). Trilogia hiru film luze independentez osatuta dago, eta bidaiaren, artxiboaren eta memoriaren gakoen bidez lotuta dago.
Bere filmek nazioarteko jaialdietan eta mundu osoko filmoteketan proiektatu dira (Berlin, Madril, Genoa, Seul, Porto, Montevideo, Bartzelona…), eta sari eta aitorpen ugari jaso dituzte.
Gaur egun, Bide guztiak (2026) film luzearen garapenean dihardu. Amaitu berri duen Errotatiba (2024), KIMUAK katalogorako aukeratu dute. Txalupa arina (2024) laburmetraia, Donostiako Zinemaldiaren 72. ediziorako Eusko Label sailerako sortu du.



