ZER BISITATU

SOLAR ENPARANTZA

Atal adierazgarri batzuk aipatu behar ditugu:

Udaletxea
Neoklasikoa da. Atanasio Anduizak egin zuen 1883. urtean. Oinplano errektangeluarra du eta arkupe batzuk etxabean. Neoklasizismoaren soiltasunak kutsu serio eta dotorea ematen dio eraikinari.

Víctor Chávarriren monumentua
Víctor Chávarri Portugaleteko enpresarioa izan zen. “La Vizcaya” lantegia sortu zuen, geroago Bizkaiko Labe Garaiak osatu zituzten fabriketako bat. Monumentuak bi atal ditu: Víctor Chávarriren brontzezko bustoa Carrara marmolezko oinarri baten gainean eta behargin biren irudiak, bata barrenatzailea eta bestea olagizona, Bizkaiko industrializazioaren ordezkari. Hauek ere brontzezkoak dira. Estatua Miquel Blay eskultore katalanak egin zuen 1903an eta, hari esker, urrezko domina jaso zuen Parisko Nazioarteko Erakusketan 1905ean.

Kioskoa
Kioskoa Emiliano Pagazaurtundua arkitektoak egin zuen 1912an. Kioskoaren estiloa eklektikoa da, kutsu mudejar eta klasiko batzuk ere badauzkalarik. Kioskoa topagune ederra da, haren inguruan egiten baitira txitxarrilloak edo dantzaldiak eta, gainera, hamabostean behin Udal Bandaren kontzertuak hartzen baititu. Urte osoan zehar, astearte, ostegun eta larunbat guztietan, kiosko inguruan, Solar plaza haize zabaleko azoka bihurtzen da, “Baserritarren azoka” deritzona egiten baita bertan; han, loreak, landareak eta baratzeko produktuak erosteko aukera izango dugu. Kioskotik Txurruka Kaira abiatuko gara.


ITSAS PASEALEKUA

Portugaletek pasealekua dauka, bi kilometro luze, itsasadarraren ondotik.
Ibiltoki horrek hiru zati ditu:

  • Kai Zaharra
  • Txurruka Kaia
  • Burdin Kaia
  • Txurruka Kaiak edo Kai Berriak erakusten digu Portugaletek XIX. mendearen bukaeran bizi izan zuen turismo-goraldia. Gutxi gorabehera, ibiltokiaren erdiko zatia da dotore eta handiena. Zubi Esekia da bere ikur ospetsuena.

ZUBI ESEKIA

2006ko uztailaren 13an UNESCOren Mundu Ondare batzordeak Bizkaia Zubia idatzi zuen Mundu Ondasunen zerrendan.

El Puente ensalza la espectacular grandeza del estuario, constituye una excepcional expresión de la creatividad técnica y ejemplifica la relación satisfactoria entre función y forma. Es una de las construcciones más sobresalientes de la Revolución Industrial Europea. Y representa uno de los mayores logros de la ingeniería de finales del siglo XIX.

Bizkaia Zubiak are ikusgarriago egiten du itsasadarraren ahoa. Teknika-sormenaren adierazpide paregabea da, erabilgarritasunaren eta irudiaren bat egite egokiaren emaitza. Europako Industria Iraultzako eraikin nabarmenetakoa dugu eta XIX. mende bukaerako ingeniaritzaren lorpen handienetakoa. Tansbordadorea duen lehenengo zubia izan zen mundu osoan eta jardunean dirauten apurretako bat.

Alberto Palaciok diseinatu zuen 1887an eta 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen. Zubiak ederki batzen ditu bere baitan erabilgarritasuna, baliagarritasuna eta ederra, handia eta egunerokotasuna. Bizkaia Zubiak, Zubi Esekia eta Portugaleteko Zubia izenekin ere ezagututa, itsasadarraren alde bien komunikatzeko premia konpondu zuen, ontzien joan-etorria oztopatu barik. Lau dorre dauzka, sareta metalikozkoak, bakoitza 62 metro luze. Dorre horien gainean datza habea, 160 metrokoa.

Gerra zibilean leherketa baten ondorioz suntsitu zen eta 1941ean berregin zuten. Bizkaia Zubia oinezkoen pasabidetik igaro daiteke, hirurogei metroko altueran, goi-goitik panoramika ederraz goza dezagun. Hala eta guztiz, zubia gehienbat sinboloa da, Bizkaiko burdinaren industriari lotutako tradizio luzearen ikurra. Ez dezagun, hortaz, ahaztu, burdina euskal ekonomiaren pizgarria izan zela garaian eta zubia burdinaren ingeniaritza-lana dela. Paregabeko lekukoa ere bada itsasadarraren, herrien eta biztanleen historian.


MAREOMETROA

Zubiaren handitasuna ederretsi ostean, Txurruka Kaira abiatuko gara berriro. Zunzunegi, Olaso, Palacio, Balparda, Vicuña eta Gandarias etxeak, XIX. mende bukaerako eraikin bikainak, ditugu hor ikusgarri. Kaiaren muturrean mareometroa dugu.

Parisen egin zuten eta Portuko Lan Batzarrak kokatu zuen 1883an. Itsasketarako tresna bat da: itsasadarraren ubidearen sarkura eta itsasgora-itsasbeheren mailak neurtzen ditu, horrelako informazioa ezinbestekoa baitzen aspaldian, ontziak itsasartean lasai ibil zitetzen. Gaur apaingarri hutsa da, Burdin Kaiaren ate modukoa.


BURDIN KAIA

Burdin Kaia Kai Berriaren luzapena da. Burdin Kaia sortu zuten nabigaziorako arazo larria konpontzeko, hau da, itsasadarrean Nerbioi ahoko hondarrezko barra arriskutsua ekiditzeko. Evaristo Txurruka ingeniariak egin zuen. 1881ean ekin zitzaion obrari eta 1887an bukatu.

Burdin Kaia 800 metro luze da. Hasierako seiehunak burdinazkoak dira eta gainontzeko berrehunak, berriz, harrizkoak. Burdin Kaiaren bukaeran dagoen itsasargiraino abiatzen bagara izugarrizko bista edukiko dugu aurrean bertatik: badia, itsasadarra, Bizkaia Zubia eta kaia, alegia.

Atzera joko dugu berriro, Zubi Esekirantz, itsasadarrak dakarzkigun brisara eta itsas usaina gozatzen ditugula. Hiriko alderik zaharrenerantz goaz. Eta, hor, Areilza Doktorearen parkea topatuko dugu.


AREILZA DOKTOREAREN PARKEA

1913an Emiliano Pagazaurtunduak proiektatu zuen, hondartza zaharra zegoen tokian. Hareatza eder batean eraiki zen. Olatuak labarrera ailegatzen ziren. Natura azaltzen duen lorategi botaniko bat da. Bertan espezie arrotzak, platanondoak eta koniferak. Luxu eta zehetasun handiarekin sortu zen XX. mendearen hasieran Bilboko burgesiaren egarria asetzeko, Portugalete bainuetxe bihurtu baitzuen./p>

Jauretxeetik Saltoko hondartzara ailega zitekeen harmaila batzuetatik. Gaur egun harmaila hauek, Areilza Doktorea parkea eta Ellakuria parkea lotzen dituzte. Ellakuria parkea aintzinako labarraren gainean kokatuta dago.


SANTA KLARA KULTURTEGIA

Aintzina Klaratarren komentua izan zen. Puente Colgante hotelaren atzeko aldetik (hotela Manuel Calvoren jauregi zaharra da) Casilda Iturrizar kalean sartuko gara. Portugaleten Kale Berria esaten zaio, Portugalete zaharra eta dendetako Portugalete berria lotzen dituen kale aldapatsu horri.
Aldapari aurre egin ahal izateko, berriz, arkitektura elementu berri bitxia dugu: arrapala mekanikoak, alegia, Portugalete etengabe aldatzen delako seinale dudagabea. Casilda Iturrizar kalearen erdialdean dugu Santa Klara kulturtegia, aintzina Klaratarren komentua.

1614. urtean, Urduñatik etorritako lekaime talde batek Portugaleteko beata batzuekin bat egin, denek batera Santa Klararen erregela hartu zuten eta klausurako komentu hau fundatu zuten hiriko harresietatik at. Komentu hori, apaingarririk gabeko barroko estilokoa da.
XIX. mendearen bukaeran, hainbat gertakari soziopolitiko eta ekonomiko zirela kausa, komentua erabat narriatu zen. Mende bukaeran, aldiz, Francisco Berriozabalek erreformatu zuen, kutsu historizista emanez. Gehienbat sarrera nagusia eta ezpataina berregin zituen Berriozabalek. 1976an lekaimeek komentua utzi, Udalak eskuratu eta birgaitu zuen eta gaur egun Santa Klara kulturtegia da.


ALDE ZAHARRA

Casilda Iturrizar zeharkatuta, Alde Zaharrean sartuko gara. 1996an deklaratu zuten monumentu-multzo eta tradizio handiko bazterrak, kaleak eta plazak ditu. Erdi Aroko hiriaren erdigune honetan hiru kale nagusi zeharka ditzakegu: Coscojales kalea, Víctor Chávarri kalea edo Barrenkalea, Santa Maria kalea. Hirurak dira oso aldapatsuak eta harrizko zoladura dute, “rebollo” motako harriekin. XV. mendean ezarri zituzten “rebolloak” bidegarritasuna hobetzeko. Aipatzekoa da, besteak beste, Rantxeria plaza. Horrelako izena dauka aspaldian bertan zetzan kaserna batean errantxoa ematen baitzitzaien soldaduei. Coscojales kalea ere entzutetsua da, batetik, behealdean horma-hobi bat daukalako eta hor Giako Andra Mariren irudia gordetzen delako, oso gurtua herrian, eta bestetik, kalean taberna piloa ere badagoelako, guztiek ardo eta pintxo goxoak eskaintzen dituztelarik.Barrenkalean gaudela, hauexek aipatu behar ditugu:

  • Errenazimenduko jauregia, Salazar-Galindo senidearena 17. zenbakian;
  • Víctor Chávarri jaio zen etxea, klasizismo beranteko ale ederra, 21. eta 23. zenbakietan;
  • Sota senidearen jauregi barrokoa, XVIII. mendekoa, 22.ean.
  • Eliz Kantoitik Santa Maria kalera joanda, aipatzekoa dugu 26. zenbakiko Errenazimenduko armarria, Vallecilla familiarena izandako XVI. mendeko jauregiaren ezaugarri.
  • Elizaldean Andra Mari basilika eta Salazar dorretxea dauzkagu; biak dira babes bereziko kategoriadun monumentuak.

ANDRA MARI BASILIKA

1322. urtean, Maria Diaz Haroko Bizkaiko Andre Nagusiak hiria fundatu zuenean, agindu zien portugaletetarrei leku egokia bila zezatela Andra Mariaren omenezko eliza egiteko. Herriko lekurik altuena hautatu zuten portugaletetarrek eta tenplu txikia eraiki zuten, xume-xumea, sabaia egurrezkoa zuena. Buruan Andra Mariaren irudi gotiko bat zeukan, gaur egun ere ikusgarri basilikako erretaula nagusiko buruan.

XIV. mendeko zur-lana da, Erdi Aroko espiritualtasunaren jatorrizko lekukoa. Egungo basilika, berriz, XV. mende bukaeran egin zen hareharri landuez. Lanek mendebete iraun zuten ia. Horregatik, eraikina oro har gotikoa izan arren, Errenazimenduko eragina ere badauka, gehienbat atarietan. Kanpoaldean ikusgarri dira arbotanteak, gargolak, atariak eta kanpaindorrea, eliza baino apur bat geroago (1691tik 1741era bitartean) egina. Alboko ataria, zaharrena, Erriberako ataria da. Iparekialdeko haizeak narriatuta ere, sarrerako arkuko erdialdean erakusten du Garita izena, maisu harginarena, alegia. Atari nagusia kanpaindorrearen azpian dago eta hobi batean Mariaren irudia du, aurrean aipatutako zurlan gotikoaren antzekoa.

Barnealdean Errenazimenduko erretaula nagusia aipatuko dugu, aldarearen buruan.

Intxaurrondo-egurrezkoa da eta erdiko kalean bakarrik dauka polikromia. Erretaula hori eta Errege Magoen Jaurespena agertzen duena kultur intereseko ondasunak dira eta monumentu kategoria dagokie. Erretaula nagusiaren albo bietan daude pintura gotiko-flamenkoaren erakusgarri eder bi: Triptikoa eta “Andra Mariaren Koroatzea”, “Madariaren Andra Maria” izenaz ezagutua. Alboko nabeetan kaperak daude, herriko senide garrantzizkoenenak: Salazar, Ugarte, Coscojales…

Nabarmentzekoak dira “Atariko Kristo” irudia, zur-lan gotikoa, XV. mendearen bukaerakoa, eta Santiago kaperaren burdin hesia, 1569koa, Bizkaiko zaharrenetako bat. Koruaren aldean organoa dugu, 1903. urtekoa, Henri Didier Frantziako enpresak egina; hala eta guztiz, jardunean dirau gaur egun ere. Arte sakratuaren museoa ere badago basilikan; bertan daude ikusgarri zilargintzako pieza batzuk, jantziak, XVII. mendeko kantu-liburu bat eta pulpituko ahots-itzulkina (soinua hobeto entzuteko kapela), XIX. mendekoa.


ELIZAREN BEGIRATOKIA

Basilikatik irteten garela, hurbileko begiratokia aurkituko dugu. Itsasadarraren gaineko ikuspegi zoragarria dela kausa, jende ugari ibiltzen da begiratokian.

Argazki ederrak egin ahal izango ditugu, hemendik urrunean Zubi Esekia, Canilla ibiltokia, tren geltoki zaharra (gaur egungo Turismo Bulegoa) eta inguruko udalerriak ikus daitezke.


SALAZAR DORRETXEA

Dorretxe hau XV. mendearen bukaeran egin zuten. Eraikin lauangeluarra da, harlangaitzez egina. Alde nobleetan, berriz, harlandua du. Lau solairu ditu eta, estalki gisara, lau isurkiko teilatua, Erdi Aroko dorretxe gehienek bezala. Dorretxe zahar hau Portugaleteko Salazartarren leinuari zegokion. Salazartarren botere eta indar militarraren erakusgarri moduan eraiki zen.
Ahaide Nagusiak Portugalete hedatu nahi zuen bere indarra azaltzeko. Oso kokagune estrategikoan egonik, dorretik erraz kontrolatzen zen gizakien eta salgaien joan-etorria hala portuan nola bideetan. Hasiera batean defentsarako dorrea izan arren; denbora igarota, berriz, jaun-andre nagusien bizileku bilakatu eta horrexetarako egokitu zuten jabeek.

1934. urtean, Urriko Iraultza zela eta, sute batek suntsitu zuen eta aspaldiko dorretxearen hormazati bat agertu zen. Hondakin horren gainean Joaquín Irizar arkitektoak berregin zuen dorrea 1958an eta Erdi Aroko gazteluen itxura eman zion. Udalak erosi zuen eta 2003an beste berreraiketa bat egin zion kulturtegi bilakatzeko. Barruan museoa eta goi mailako euskal sukaldaritzaren jatetxea ditu.


ALDE ZAHARRETIK CANILLA IBILTOKIRA

Santa Maria kalean behera goazela, kolore anitzeko etxeei erreparatuko diegu. Salcedo kalearekiko kantoian, udaletxetik hurbil, Elias López Bustamanteren etxea datza. Leonardo Rucabado arkitektoak egin zuen 1910ean. Etxean begi-bistakoa da Kataluniako modernismoaren eta Alemaniako gotizismoaren eragina.

Hortik Canilla ibiltokira abiatuta, bi bide dauzkagu aukeran. Bata Vallecilla arkupetik igarotzen da. Pasabide gangadun paregabe horrek lotu egiten zituen aspaldian hiri zaharra eta arrantzaleen portua. Bestea, berriz, udaletxeko eskailerak dira. Canilla ibiltokia lorategi eta jolas aldea da gaur egun, oso aproposa terraza batean lasai eseritzeko.


RIALIA INDUSTRIA MUSEOA

Canilla ibiltokian dago Rialia Industria Museoa. Nerbioi itsasadarraren lehen, orain eta geroaren lekukoa da. Museoa sortu zen interpretazio bokazioarekin eta burdinaren industria aspaldian eskualdean eduki zuen garrantzia azaltzeko helburuarekin.
Itsasadarra protagonista eta ardatza izanik, museoan herriaren gizarte, ekonomia eta paisaian XIX. eta XX. mendeetan gertatu ziren aldaketak agertzen dira.


KAI ZAHARRA

Industria berraurkitu ostean, kai zaharreko ontziralekuan bukatuko dugu ibilbidea. Portu txiki horretan oraindik ere ikus daitezke goizetan ontzi txiki batzuk, arrain freskoak saltzera dakartzatenak. Turismo-ontzi batean itsasadarrean ibilaldiak egiteko aukera dago. Kostaldea bisitatzeko modu dibertigarri eta freskagarria da.